Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-01-15: Ez dugu bertze minik herrikoa baizik

      Errusiak alemanak garaitu ditu Kaukason, turkiarrak larri omen dabiltza, Belgikan ere metroak irabazten, Reims aldean “guk galtze guti; etsaiak hilak trumilka”, ia oro da bihotz-altxagarri, “gure baionetak ez dire alfer egon” leitzen dugu aste honetako Eskualduna-n. Kazetariak ohartarazten digunez, “iraunen dutenek ukanen dute sarrixago zer konda”. Jean Etxeparek barneko ospitaletan gertatzen ari direnak aletzen dizkigu, txerto eskasia, zirujauen garrantzia, mendikuntzaren aitzinamendua, X izpiak kasurako. Jean Saint-Pierre besteak beste negu ustelaz mintzo da, “Oldar handiagokoaren egiteko, aroa dugu gehienik eskas”. Bestalde tiratzaile on baten balentria berritzen digu eta ondarrean erregu bat, musean aritzeko karta joko bat galdatzen du, kartak piltzartu baitzazkie. Gutun bat ere argitaratzen du aste honetako Eskualduna-k, frontean diren euskaldunen gogoeta gisa. Kirikiñok Euzkadi-n dioskunez euskaldun soldado zaurituak Pariseko Orly jauregian elkartu dituzte. Tolosako batzokian bildu behar omen dituzte haiendako gutunak, eta Tolosatik Baionara igorri.

 

 

Berriak egunka

 

Asteart, urtharrilaren 5ean

      Rusoek bi aldiz garhaitu dute etsaia Caucase delako mendi aldean eta Turkoeri preso hartu diote armada (corps d'armée) bat osoa.

      Guk Beljikan guretu ditugu erreka zilo hetarik hemen 200, hanxe 300, 400, 500 metre luze, puska batzu; etxe zonbeit, Nieuport, St-Georges, bi herrietarik hurbil.

      Handik eskunxago, kanoi berri batzuekin izialdi bat emanik etsaiari, lur zilatzen azkarki ari zena geldi-arazi dugu lanetik.

      Urrunxago ereman dauzku jauz araziz, erreka pozi batzu alemanak, bainan berehala oldar gaitzean berriz hartu diozkagu.

      Ardurakoa dugu hori: noiz nahi eremu izpika bat har guk etsaiari; gero berriz harek guri hura bera, edo bertze bat aldean; gero guk hari berriz, bertze puska batekin, iduriz bethikotz.

      Azken indarra, azken ondorio ona bethi kasik guk: bainan aldian guti, eta zer gostarik aldi bakotx!

 

Astezken, 6an

      Turko garhaituen zalaparta guzien gatik, Rusoek gaina daukate, geroago eta gehiago. Otrixiako lurretarat sartzekotan dire barnago.

      Beljikan, Argonne-ko aldean galdua ginuen lur zilatu zerranga bat berriz guretu dugu. «Courtechausse» deithu leize bati hurbil zortzi ehun metre erreka jauz-arazi daizkotegu, eta erdiak berriz antolaturik gure soldadoz bethe.

      «Le Prêtre» deithu oihan hat bada, Pont-à-Mousson hiritik auzo, maiz aiphu dena gerla huntan, gudu onik ikusten duelakoa; han oraino ere zafratzen dugula etsaia ez dugu lehen aldia. Puska batez aitzinaturik gaude oraiko huntan.

      Thann hiriko auzo rnendi batean Alsacen, mendiari goiti bide erditan, hartu daukute lur zilatu zati bat lehenago ere heien eskuko izana.

      Mendi kaskoa eta bertze ingurune guzia bethi gure dago.

      Thann delako hiriaren gobernadore soldado aitzindaria Détroyat baiones komendanta da; eta zibileko juje kargua daukana ere baiones jaun bat, Lalanne deithua.

 

Ortzegun, 7an

      Voevre deitiiu eskualdean eta gerlaren lehen egunetan hartu baikinuen berehala Alsaceko hiri bat, Altkirch, eta gero hustu behar ukhan, ezker itsas alderat laster egiteko, hango armadari hel, harateko bidean aitzinatuz goazi.

      Altkirx hiritik lau kilometretan den oihan batez nausitu gira.

      Gorago aiphatu Thann hiriko ospitalea kanoi ukaldika, guti edo aski, andeatu dauku etsaiak. Ez, nahi zuken bezenbat. Gure artilleriak harena ixil-arazi baitu laster; gure kanoi handiek haren handiak.

      Hori da bihotz-altxagarri; kanoi handiz handi ere, nausitzen ari gitzazkola etsaiari.

 

Ortzirale, 8an

      Thann hiriko ospitaleari da oraino ere aiher alemana, tiro eta tiro.

      Eriak eta kolpatuak ez gehiago urrikari! Beren soldado minhartuetarik baituzketela dakiten ospitaleri ari zaitzu, diren bezalakoak, bardin aitzina, tiroka!

      Arras hiriko aldean zilo erreka batzu behar ukan ditugu, etsaiak bortxatu gabe, guhaurek gure baitharik, hustu, zeren eta gizonak lohipean sartzera baitzoazin eta inthan, sorbaldetaraino. Han etzitazken gehiago bizi.

      Aisne ur handiaren hegietan, etsaiaren artilleriak behin lanak eman dauzku, bainan arratzaldekotz, mutu geldi-arazia ginuen, ihardetsiz azkarki.

      Reims-eko aldean, Betheny eta Prunay bi herrien artean, partida bat errabiatua eginik gaude. Guk galtze guti; etsaiak hilak trumilka.

      Argonnen erreka batzu jauz-arazi dauzkute; ba uko egin ere, hanxe harat, on bazeie; gure baionetak ez dire alfer egon.

 

Larunbat, 9an

      Beljikan Ypres, Frantzian Arras eta Amiens hirien inguruetan; gure artilleriak uko egin-arazi dio etsaiarenari.

      Artilleriari esker, eremu puska batez jabetu gira, eta presuner parrasta bat egin dugu.

      Cernay-ko inguruan, herrixka bat galdu dugu, bainan etsaiari gizontze gaitza hil diogu.

      Ederki gostarik gaude zonbeit metre lur.

 

Igande, 10ean

      Artilleria artilleriaren kontra izigarriko furian; atzo galdu errekak egun ezin bere ditzazkela etsaiak indar guzia emanik ere.

      Hemen deus ez dezakenean egin, hiri bati oldartzen da urrunera kanoi ukaldika; egun Soisson-en aldi zen.

      Beren etrabian obus leher eta zapart xahutu dute; gehienak alferretan. Burutik buru, sail guzian iharduki diotegu.

      Negu bethean, gau eta egun hola bizitzea zerbeit da. Iraunen dutenek ukanen dute sarrixago zer konda.

 

Astelehen 11an

      Bertze egunetan baino eztixago daude bi aldatarik kanoiak. Gureak hein bat azkarxago; begi kolpea biziki xuxen.

      Erreka zilo bat kendu diotegu, ez errexki.

      Bortz ehun metreren irabatzia guk, mendixka bat osoa, guretzen dugula oraikotik alderat balinba!

      Tresnerientzat etsaiak egin atherbe gehienak xehakatzen daizkotegu kanoi ukaldika.

      Oldar itsusian heldu zauzku alemanak aldi bakotx, egun hautan, gainera; bi bataillonetaraino aldian.

      Ba debruen muturrekoekin gibelerat itzultzen ere, hilik lurrerat ez doazinak itzulipurdika.

      Argonnen zalaparta gutixago.

      «Meuse et Mozelle»ko aldean ezti hil batean gizonak bi aldetarik.

      «Vosges» mendietan elhurra jauts ahala ari da.

      Thann-eko hiriari noiztenka etsaiak obus bakar batzu igortzen daizko: ez min handi egitekorik.

      Noiz arte othe da joan behar gerla hau hola, bi aldetarik tresna eta gizon higagarri?

      Lotsatzeko litake, Rusoa eta Anglesa, zoin bere aldetik ez balauzku ja laguntzen ari; hek eta guhaur ere puskeria biltzen, metatzen azkarki!...

 

 

 

Barneko ospitaletan

 

      Mintza giten lehenik eriez.

      Han-hemenka berrogoi egunetako sukhar, fièvre typhoide delakoa lothua dute zonbaitek. Lehenbiziko bi hilabethetan gerlarat joan zirenetarik nehor etzuten xertatu ahal ukan gaitz horri buruz; xerto geirik aski etzen alabainan oraino eginik. Geroztik hunat, joan behar diren guziei emana zeie xertoa kasernan, lau andanaz, astean bat, sorbalda gibeletik; hura hartuz geroz, gaitzak ez baitu gehiago hetan lotkiarik. Xerto horien eskasian hil izan da gizon muttzoño bat.

      Bakar zonbait, arras guti, galtzen da tétanos deithu gaitz itsusiarekin. Badakizue hau sartzen dela zauri zokodun, lurrak guti edo aski zikinduetarik barna, eta gizona laster baderamala, hesola bezala gogortu ondoan. Hunentzat ere bazen xertoa, aspaldidanik ezagutua; bainan ondar hiru hilabethe hotan bakarrik da agertu aski, beharra zuten kolpatu guziei emaiteko. Gaitz hori sarthua zakoten zaldi batzuen odoletik, da atheraia delako xertoa.

      Grippaz dira joak gainerateko eri gehienak, ardura darraizkon herresteriekin, hala nola eztul eta sukhar; batzuetan bederatzi-urrunekoa (pneumonie), maizenik akidura bat, askotan lotsagarria.

      Erromatismadun andana bat ere bada, ez oro zinezkoak orobat; ezen junta guti da ikusten hanturik. Bizkitartean haragietako erromatisma baditeke, jabea luzaz gogorturik daukena, ez delakotz senda errex, non ez duten Akizeko urek barreatzen.

      Aipha ditzagun orai zaurtuak.

      Hok berex dira ospitale berean, edo ospitalez barex. Batzuek badute burdin pozi zonbait kokatua nunbait; bertzek ez dute herexa baizik.

      Azken hok lotzea baizik ez dute. Ez uste ukan hargatik berehala sendo direla, haragiak nahi du bere ephea berriz osatzeko, hanitzek uste baino ephe luzeagoa; bala batek zilatu bideak galdegiten du bana bertze hilabethe bat, bethetzeko. Eta biziki gehiago, baldin balak berekin sarthu bazuen eta mamietan utzi porroskeria zerbait, hala nola hezur hautsi izpika, soineko puska, harri kixkor. Atzerik ez du laket bere baithan gure haragiak; materietan igortzen du kanporat, edo operazionez zako behar kendu.

      Hortakotz dute bada behar operaturik izan, burdinki zerbait berekin daukatenek. Rayons X direlakoekin ikertzen ohi dituzte lehenik, —nuntsu duketen beren elhorria— baduketenez bat baino gehiago, —biziarentzat lanjerik gabe ken dezoketenetz.

      Mamian kolpatuak, ez balin bada zain xuri (nerf) edo zainhart (tendon) bat izana andeaturik, sendatzen dira arrunt, den gutieneko ondorio gaixtorik gabe, bertzenaz, guti edo aski ezinduak baratzen, oin bat osoa edo erhi xoil bat lo, zain hautsia zeren gider baitzen ere, eta araberan. Aiphatu zainak artharekin josiz, josturak hartzen badu, berriz has ditazke beren lanari; bainan bakan gertatzen dena da eta, gertatzen denean ere, arras luzaz, noizbait.

      Batzutan odola alde orotarat deramaten zain edo kanalak dira izan bakarrik behartuak. Uste gabean zart eglten dute odola zurrustan dariotela. Estekatu behar bi buruak, zauriaren barnean. Medikuentzat tarrapata gaixtoa, bainan atseginezko saria ondotik ekartzen deiena bethi.

      Mamietako zauri hoitaz bertzerik dira zorigaitzez hezurretakoak, guziz zirtzikatuak direlarik. Izpika guziak khendu behar orduan, artharekin; bertzenaz, sendatzerik ez. Izpika hek atheraz geroz, hezurra berriz osa ditake zonbait zentimetraren luzetasunean, inguratzen duen telatik sortzen ohi baita. Hau andeatua balin bada haatik, eta guziz usteldua, goraxago danik menbroa motz.

      Hezur juntentzat halaber: arras neke sendatzea, balaz andeaturik izan balin badira edo gaizkundurik egonak. Sorbalda, ukondoa, esku-muthurra bethierekotz gogorturik badagozke; belhaunak goraxagotik moztea du galdegiten ardura.

      Hoik guziak hola, kolpatuetan hamarretarik zazpi aitzinean bezain on jartzen dira, hamarretarik badirelakotz zazpi balek toki sorhaioan hunkiak.

      Duela hiruetan hogoi urthe etzen hoinbertze sendatze ikusten, mamietako zauridunetan ere, rayons X direlakoak etzirelakotz oraino ezagutuak, ez eta lothuren garbitasun baitezpadakoa.

      Garbitasunak du beiratzen kolpatu gehiener bizia, zain zonbait lokharturik edo, junta bat bethierekotz gogorturik gelditzen bazazkote ere.

      Deus handirik ez dezakete gure baithan berriturik ezar oraiko xirurjianoek, duela bi mila urthekoek baino gehiago; bainan, lehengoek ez bezala, zauriak eta heien ondotik odola, andeatzetik beira ditzazkete.

(Ondarra helduden ortziralian)

[Jean Etxepare]

 

 

 

Gerlako Berrixkak

 

LOHIA

      Euri, haize, lohi; bazterrak deskantsuan daude, aro tzar hunek diraueno. Urhatsak zalhu behar dire, gerla huntan zerbeit egin nahi balin bada. Ez du beraz balio abiatzea, lurrean bi zehe barna sarthurik gelditzeko bidean.

      Bertzalde, soldadoez bertzerik ere bada: zaldi, karrosa, kanoi eta bertze hoitarik bazterrak betheak dire. Nola jarraik araz? Hola hola ere badute lanik aski zaldi gaizoek, egun oroz hor baitabiltza, lohiz estaliak, bethi bide beretan, soldadoen jatekoa eta kanoien hazkurria zoin bere tokietarat hel arazteko. Ene iduriko, ez da gauza handirik gertaturen negu ustel hau iragan artio.       Bi hegaletan egin dugu azken egun hautan zenbeit urhats, bizpahiru herri gehiago gure eskuetan dauzkagu etsaiaren aztaparretarik etxez etxe gureturik.

      Oldar handiagokoaren egiteko, aroa dugu gehienik eskas.

 

KANOI HANDIAK

      Hemengo haro guzia kanoi handien orroa. Beti ari dire burrunban, gau ala egun. Lan guzia heiek. Soldadoa bethi lurpean.

      Alemanek arrapostua bethi galdearen araberakoa. Beren kanoi handiekin ari zaizkigu hek ere; gure tresna berri horiek ez dituzte gostukoak, eta nehola ez detzazkete jasan. Kanoia kanoiari buruz, batek bertzea xehatu beharrez. Bainan bethi kasik guk dugu gaina hartzen.

      Gerlaren hastean ez ginuen kanoi hoitarik hanbat. Bizpahiru tokitan ginintuen zenbeit bakar. Geroztik ikusi dugu gure huts handia.

      Orai baditugu bazter guzietan, eta indar handikoak.

      Solasean ari nintzen atzo gara batean, gerla tokiaren hegi hegian. Handik harat ez dugu bertze burdinbiderik gure eskuko. Trein bat jin berria zen Pariseko aldetik. «Zer duzue barne hortan?» diot galdatzen artillur bati. —«Hemen? Kanoi handien jatekoa!». —«Zer? Den guzia kanoi handientzat? Eta bertze ttipi hek goserik utzi beharrak dituzue?». —«Badute heiek ere asetzekoa, aspaldian bildua. Orai handien aldi!».

      Hainbertzenarekin, gure gibeleko mendixka hegal batean bospasei kanoi hasi ziren orroaz. Ezker eta eskuin bertze batzu, ikus ahala urrun... Gaur ere burrunba gaitza zuten. Orai berriz ixildu dire, sarrixago ber kantari lotzeko.

 

KOLPATU GUTIAGO

      Gero ta kolpatu gutiago dugu, bereziki gure eskualdean. Eskualdun gehienak hemen dire, eta nahiz hastean toki gaixtoak ziren hauk oro, orai nehun baino kolpatu gutiago dugu.

      Baziren hastean, hemen berean, zortzi ospitale gure eskuko. Hetarik bia joan dire bertze armada batetarat; bertze bia hemen daude beren gizonekin, osoki hutsak, eri eta kolpatu guziak bertze batzuek harturik. Bertze ospitaletan ohe hanitz ikusi ditut hustuak.

 

ERRETRETA

      Soldadoentzat othoitz hanitz egiten omen da herrietan.

      Soldadoak berak zintuzkete behar ikusi othoitzean. Eguberri ondoko egunetan, Paueko erreximenduek erretreta bat ukan dute, beren pausuko denboran: prediku, kofesio, komunione, hiru egunez.

      Eskualdun hanitz. Erretretaren emailea bera apez eskualdun bat, Jeneralaren baimenarekin lanean ari dena eta oraino ariko, Jainkoak nahi badu!

      Kantu ederrak, bethi bezala, eskuaraz eta frantsesez, guzien gostuko.

 

BAZKARI ON BAT

      Eguberriz eta Urthatsez erdi pestan ginen. Etxetik ukanen gainerat, gobernamenduak ere egin dauku bere ikustatea. «Champagne»-ko arnoa ere baginuen orok. Etzen lehen mota, enea segurik; bainan plazer egiteko doia bazen.

      Xingar puska bana, bi sagar, zigaro eta omore ona. Gaineratiko zerak ez ditut aiphatzen. Egun guzietakoak dire. Asetzekoa badugu bethi. Herriko airea eskas.

 

TIRARI ONAK

      Gerla huntan lan handia egin dezake tirari onak.

      Alemanek bazituzten bilduak tropaka, beren tirari hoberenetarik, gure aintzindarien hiltzeko. Berexiz ari ziren tiroka, ihizi baliosenari ihiztari hoberenak, odol hotzean.

      Guk ere baditugu tirari hautak, gero ta gehiago. Aintzin hortan batek egin du balentria bat ezin sinhetsia.

      Soldado aleman bat jali da bere zilhotik, frantsesen aintzinera, bi emazteki sahetsean. Bospasei ehun metre bazituen frantsesetarat heltzeko.

      Tokiaren berri jakin nahi zuen, hirriskurik gabe eta hartako zituen bi emazte hek, frantsesek ez zezaten egin tiro gainerat.

      Frantses batek hartzen du bere xixpa; minota erdi batez bere gizona xuxen begiztatzen, eta tiro batez botatzen lurrerat. Emazteak ere biak erori ziren, izialdurarekin, bainan berehala xutitu. Gizona zen bakarrik kalitua, hil gogor.

 

MUSLARIAK

      Ez dezaket gehiago deus ezar behar bezala paperean; guti bada guti har azu den bezala, eta barka!

      Ari zaizkit hemen sahetsean lau eskualdun «musean» karta espainolekin. «Biak inbido eta pareak ba!». Hauxe dire oihuak! Fantesia gorrian dire, eta beharriak airean deramazkate beren inbido debruekin.

      Nik ere gogoa horietan, jokoari so eta so.

      Gaixo kartak! Ukan berriak nintuen eta jadanik philtzartuak! Ez niz batere urguluz mintzo. Norbeitek bertze pare bat igor baleza, balukete begitarte!

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]


 

 

 

      Bertze batek:

 

Gerla tokitik, urtharrilaren 9an

      Adixkidea,

      Badakizu ez dela errex orai berri zerbeiten hatzemaitea horrat igortzeko. Gure erreketan hemen gaude, iduriz hein berean, bainan batere lotsatu gabe, egun eta gau, tiroka, etsaiari zer min egiten diogun ikusi gabe askotan.

      Lo gutisko eginik ere, ez gare hain urrikaltzekoak uste duzuen bezen urrikaltzekoak (bederen). Hotzak jasan ditazke, ez dugu hanbat nekatzerik eta askitto jaten dugu.

      Etxeko eta herriko mina ez baginu, ez ginuke erraitekorik!

      Ah, hori ba, badugu! Eta hameka aldiz elgarri erraiten dugu: «Zer diote othe etxean, zertan othe dire gure burhasoak, gure emazteak, gure haurrak?»

      Baginaki gurek ez dutela sofritzen gu hemen izaiteaz, nola arin gintazken! Horko minak gaitu higatzen.

      Adixkidea, othoi hori errazu: «Eskualdunean»: guk ez dugula bertze minik herrikoa baizik.

      Gerla hastean Jainkoari bihotzak altxatu ginituen, eta bethi hari gaude, kolpeez eta heriotzeaz beraz kasik orhoitu gabe.

      Ezen zer dire kolpeak eta zer da heriotzea bera, gero munduak izanen duen bake gozoaren aldean?

      Guk hogoi, hogoi-ta hamar, berrogoi urthe iragan ditugu ikhara gorrian, gerla hunen beldurrarekin. Hori ez da bizitzea.

      Bizitzen hasi ginen egiazki aboztuan, Alemana, mundua beretu nahiz hasi zelarik karraskan. Nausitu balitz, akhabo ginen; akhabo bakea, akhabo erlisionea, akhabo denak, sekulako galduak ginen.

      Bainan kukuak makur jo dio eiki. Lehen uztarrak handiskoak eman baditu, iduri du orai ahalak gutitu zaizkola eta ez dugu, hastean nion bezala, min kandirik, hari buru egiteko.

      Herria dagola trankil.

      Soldadoak, harma eskuan, hemen gaude zuen zaintzeko. Eta laster ikusiko duzue zer bihotzaren jabe garen oraino. Alemanak du emanen amor, ez guk.

      Othoi, ez lotsa hor, gu hemen baino gehiago. Altxa bihotzak! Egun ederrak ethorriko dire eta gure ondokoak baliatuko guk irabazi bakeaz.

      Eta gutarik zenbeit hemen gelditzen badire, odola bakearentzat emaiteko, Jainkoak har ditzala!

ZERBITZARI

 

(Kirikiño)

 

1915-01-12

 

Euzkotar zaurituak elkarrekin

 

      Parisen, Guda-Osakuntzak erabaki du, uri artan eta inguruan arkitzen diran euzkotar gudamutil zaurituak, etxe batean orok elkarrekin jartzea.

      Eritegi au dago Orly deritzaion jauregi eder eta aundi batean, leku agerra ta zugazti zabalez inguratua.

      Gure anai gixaxoak orrela obeki egongo dira, beren aberriatzaz aberri-elez itz egin al dezakela.

      Fevrier gudalnagusiak lortu omen du Gudal-Eritegi au jartzea. Anei esker berari eta Jaunak sariztuko al dio gure abendakideei egin zuen on ori.

      Irakurtzeko gauzarik bidali nai dunak euzko-gudamutil oientzat, Tolosako Jel-Batzokira bidali beza, eta andik joango da Bayonara.