Gerla Handiak 100 urte

      1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.

      Euskal Herria zuzenean hunkitu zuen gerlak. Espainiaren menpeko lurraldeak ez, Espainia neutral izan zelako, baina bai Frantziaren menpekoak, frantses Estatua gerla horretako protagonista nagusietarik bat izan zen-eta. Frantziako lurretan izan ziren borroka latz horietako asko —mendebaldeko frontekoak—, eta milaka euskal herritarrek parte hartu zuten gerlan. Hildako askoren izenak oraindik ere irakur daitezke Ipar Euskal Herriko herrietako oroitarrietan.

      Euskal literaturan izan zuen isla gatazkak, eta kronikak, antzerki-lanak, eleberriak, bertsoak, eta poemak baditugu Gerla Handia protagonista dutenak.  Eta bestalde, agerkarietan gatazkari egindako segimendua daukagu, kazetaritza-lana. Kirikiño zen Euzkadi egunkariko euskarazko orriaren arduraduna urte haietan, eta bereak dira orduko kronikak, haietako asko gerla hizpide dutenak.

      Eskualduna, bestalde, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua.

      Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—.

1915-01-29: Heretikoak katolikoen kontra

Eskualduna-ren aburuz frantsesen erlijioa omen da alemanen etsairik gehienetariko bat. Nonbait, Alemaniako katolikoek, katoliko baino prusiarrago dira. Aste honetan ere “aitzina” da kazetan gehien-gehien errepikatzen den hitza. Bestalde, negu beltz eta ustel honetan artilleriaren lan ederra nabarmentzen du  Gobernuak diru gutxiago bildu du zergen kontura, itxuren arabera gerra honek ez dezake iraun heldu den negu arte, hori dela eta harrigarria egiten zaigu Zerbitzarik aipatu hau “bake iraunkor batentzat, batere ez litzaukuke sobera, hemen bertze sei ilabetheren iragaitea.” Errumania eta Italiaren jokamoldeak aztertzen ditu, baina Aita Sainduaren hitzak epelak edota zuhurrak izan ote diren ez du ebazten kazetak. Erromakoak ez du Alemania aipatu ere egin. Jean Saint-Pierrek bildu duenez marokiarrak algeriarrak baino gerlari hobeak omen. Bi salaketa dakarzkigu Kirikiñok Euzkadi-n, bata alemanen txakurkerien kontrakoa eta bestea ustezko “itxaspe-ontziak” direla kausa doitxiarren alde ari diren bertako egunkarien jokamoldea agerian uzten duena.

 

 

Zeri aiher gehienik

 

     Zeri duzue uste direla gehienik aiher alemanak? — Elizeri eta lantegieri. Bi etsai dituzte gerla hunen hastetik geroago eta gehiago begietan: frantses jendakia eta frantsesen erlisionea.

      Gure erlisione hau, sineste hau hastio bezen poxolu dituzte gure bizipideak. Horra zertako diren ari tiroka, mitrailleria eta kanoi ukaldika gure bilkuretako atherberi, ba eta lanekoeri.

      Herra bat badaukate guretzat eta ditugun zerik hoberen eta beharrenentzat, nolako herra! Eliza bat nehon, ahal balute, xutik ez uztekoa; ez eta biziaren irabazteko, elgarretara bilduz lanean hobeki artzeko toki bat.

      Oro desegin, lurrerat aurdik, xehaka, erre, suntsi, ezezta.

      Erlalde bat nahi duenak hil, ez duke deus halokorik egiteko, nola su emaitea kofoinari, barnekoekin, deus ez dadin geldi, hauts mulho huts bat baizik.

      Ez dio erleak auzoari ebasten bizitzekoa; bederen ez kalte makurtzekorik egiten. Zer nahuzue? Jelos da, bekaizti da, lanetik bizi denaren, oro bere nahiz nehon ez daukena.

      Zer egin diogu Alemanari guk? Deuz ez, gerlaratzekorik. Bardin da; gerla nahi zaungun egin; huna non dugun gerla.

      Eta oraino beti harenak handienik! Egundainoko gerla bilhatzalerik handienena da: gaixkia berek egin, hobena bertzen gain. Eta noren? Nori ere baitzaio gaizki hura egina, eta haren.

      Darasatela nahuten bezenbat gezur; geroago-ta sinesle gutiago dute hatzemanen.

      Auzi bat zuzenetik irabaz ez dezakenakez dautzu barkurik, hilarte. Zuk ohoina baino lehen eta herratsukiago zaitu hilen, ohoinak zu.

 

* * *

 

     Zerk ere baiterabila gure kontra hoin hats gaixto izigarrian gure etsai madarikatua, egitateak hor dire.

      Nehon eztu zangoa sartzen, ezta hurbiltzen gure lurretarat nehon, gizontasun baino abrekeria, ba eta urdekeria, indar baino herra tzarragorik non eztuen erakusten.

      Eta eztu zeren ukha: hor dire agerian obrak.

 

      Dabiltzan guzietarat darraizkote begi onen jabe diren ikusle batzu, ikusiez mintzo aditzekoak baitire.

      Arren zer diote ikuslek, edo zoin erresumetakoak izan diten? Orotan Alemanak lehen lehenik elizeri, herriko-etxeri, lantigieri direla gerla huntan bethi aiher.

      Norat ere baitire jendeak biltzen othoitz egiterat elgarrekin, elgarrekin ororen zerez mintzatzerat, lanean ikasterat, erakasterat, elgar lagunduz bizitzeko,... harat alemanek tiro, kanoi ukaldi, mitrailla, su!...

      Herretan ditaken zailenaren, itsusienaren frogarik ezin ukatuzkoena, horra: gorputzeko eta arimako bi bizieri, bi bizien erroari batean jazartzea.

 

      Arimen bizia erlisionea da; bizi haren hazkurria, hatsa, non dute arimek nasaikienik hartzen eta gozokienik? Sortzetik hiltzeraino, sinestearen lehen ithurria eta azken iheslekua ez othe da eliza? — Ba, dio bere baithan Aleman gure etsaiak; beraz su Frantziako elizeri; elizak jo, kanoi kaskaz, pusketan aurdiki arte.

      Hiri handi ala herri ttipi, elizak daitzute orotan erreko, botako lurrerat lehen lehenik. Katolikoen elizak; ez beren kidekoenak,... eretikoenak.

      Zer othe diote huntaz, artetik erraiteko, Alemaniako katolikoek! Hori ontsa bazeie, katoliko baino prusianoago dire.

 

      Gorputzen bizia da egunean eguneko ogia, irabazia, lana. Lanik gehiena, hoberena, bizipidena non da egiten? Lantigietan, «usines, ateliers, magasins», direlakoetan.

      Hoitarat zautzu ari alemana tiroka, obus eta mitrail ukaldika, karraskan, gogotikenik, —ospitaleak, erien eta min-hartuen atherbe urrikalgarriak ere ahantzi gabe— fuera lurrerat jendearen bizia, osasuna, oraikoen eta gerokoen izaitea beira, geriza, sokorri, haz dezaketen guziak.

      Ez utz atherbe bat xutik, hazi bat bizirik, lehertu gabe.

      Diote Guillaume den bezalako keso bihotz gabeak zerasala egun hoitan, Alsace eta Lorraine utzi beharko zaunzkula jelosten hasirik: «Ez daizkotet utziko pelatu larruturik baizik.» Erran balu bezala: etxe bat, arbola bat, belhar ondo bat, azinda, ez abere, jende bat etzuela xutik, ez bizirik utziko.

      Zer gizonaren atheraldia!

 

      Nausiaren iduriko muthilak. Ezta mirakulu bereziki jan-edan egiteko atherbeak baitituzte bereziki erre eta aurdiki, herrietan iragaitearekin, hala nola eiherak eta labeak!

      Holakoek ez badituzte merezi Jainkoaren eta gizonen zigorrada ikaragarrienak, gosetea barne, merezi nork zer du?

 

 

 

Berriak egunka

 

Asteart, urtharrilaren 19an

     Itsasoan untzi bat galtzen dugu etsaiek jauz-arazirik, leihorrean aldiz galtze baino irabazi gehiago dugu frantsesek.

      Rusoek turkoeri bapur untzi bat eta haizez hiru ithotzen diozkateko.

      Oinezko armada bat ere ba erhausten. Prusiako lurrean barnago sartzen ari dire.

      Beljikan eta Arras hiriko aldean, etsairik gaixtoena orok, alemanek ala guk, elhurra dugu.

 

Astezken, 20an

     Angleterrako itsas hegian hiri batzu soldadorik gabeak, guti edo aski, andeatu dituzte alemanek beren aireko tresnetarik gainbehera obus ukaldika.

      Zeppelin dute izena tresna horiek; hoiekin zeie pesta, soldado ez diren gizon zahar, emazteki, haur eta eri zonbeiten hiltzea. Hogoi bat hil dituzte hola omen Angleterrako itsas hegian. Han nonbeit, angles errege noiztenka dagon jauregi bat ere tirokatu dute, errege bera han atzemaiten bazuten hatzeman.

      Yser ur handiko zubi bat, guk ginaukana, jauz-arazi nahiz, hogoi-ta bortz ahalak egin ditu etsaiak alferretan.

      Guk diozkagu ordainez lan batzu andeatu.

      Argonneko aldean, oldar gaitzean zauzkularik gainera heldu, uko eginarazi diotegu.

      Anglesek ere baitituzte airez dabiltzan hoitarik, bat erori zeie lurrerat eta hil, Farnborough deitu hirian.

 

Ortzegun, 21ean

     Hurriki, bainan segurki, aitzinatuz goazi, hanitz tokitan. Gure artilleria nausi da etsaiarenaren.

      Reims hiritik hurbil, bolborategi bat jauz-arazi diotegu, eta lur zilo erreka batzuetarik ihes igorri gizon andana bat.

      Gure artilleriak oraino ere gaina dauka. Beauséjour, Apremont, St-Mihiel eta Thann deitu tokien inguruetan aitzinatuz goazi.

      Gudu gaitzean ari dire Hartmans-veiler kopf delako tokian. Hart-mans-vei-ler kopf! Hoixe da izena! Araberako balin badire hango lur zilo errekak, gaixtoaren gaixtoz, ez daude aterarik han sartuak direnak!...

      Rusoak ez dagozi uko egitekotan. Leihorrez eremu puska beretu dute; itsasoz hamabi untzi, Turkoenak, itho daitzute.

      Alemanian gerlako ministro von Folkenhain-en ordain izendatu du enperadoreak von Hohenhorn.

      Azken izen horrek erran nahi du Adargorak. Gure soldado mozkintzale onek aphalduko daizkote, on bazeie.

 

Ortzirale, 22an

     Nieuport eta Ostenden, azkarki su. Ypres-etik beheraxago, nehon ez dauke alemana, kexuarekin. Egon beharko!

      Handik Oise ur lasterreraino, ikustekoa omen da gure artilleria; hain derama lan ederra!

      Apremont eta le Prêtre deithu bi oihanetan gaitzeko zalapartak. Bezperagoan guk hartu erreka zilo batzuz jabetzen zauku etsaia.

      St-Dié-ko hiriari aiher dire aleman kanoiak; kalte handirik ez diote hatik egin. Txarrenak amor; hemen ez guk.

      Hartmansveilerkopf delako herri zintzurra iretsi gabe ezin erranezko hartan da egungo gerla beroenik.

      Itsas-hiri Dunkerque deithuaren gainera obus botatzen hasia dugu etsaia, airez aireko avions hetarik aurdikiz.

      Bat itzulipurdika jauts-arazi dute gure tirokariek. Bertzeak joan dire ihesi.

 

Larunbat, 23an

     Argonne-ko aldean gudu bat izigarri samurrak iraun du gau guzia Fontaine-Madame eta St-Hubert-en. Etsaiaren indar guziak alferretan izan dire; zehe bat lur hartzerat utzi gabe atxiki dioteguar.

      Goizaldeari buruz handiago baizik ez bi aldetarik elgar xehatu beharrezo errabia.

      Hartmansveilerkopf, han gaindiko borrokaldia bethe-bethean da; bainan abantaila norat dagon, ez ageri oraino.

 

Igande, 24an

     Nieuport-eko aldean etsaiaren kanoiak burrunba gaitzean jazarri zauzku. Azkarki lurpeko, ziloetan jarriak ginen tokietarik nahi ginituzketen fuera kanpo igorri; gure artilleriak ez ditu utzi beren xederaino heltzera.

      Batean gu nausi, bertzean etsaia, dilindan gelditu da gudua. Ruloires herriko inguruan, erreka zilo bat huts-arazi diotegu; eta ez hura ez bertzerik, hartzerat berriz ez utzi.

      Aleman kanoien orroak ixil-arazi dituzte gurek.

      Aisne ur handiaren hegitik, Argonne-raino, lan ona eginik daude gure kanoi 75eko deithuak. Erreka zilo bat hartu dugu; etsaiak ereman berriz; berriz hartu guk.

      Lanoak itsuturik ginauzkan.

      Alsacen aro gaixtoak, ez deusek lotsatu gabe, aphur bat aitzinatu gira.

 

Astelehen, 25ean

     Beljikan, St-Georges-eko eskualdean, guti edo aski aitzinatu gira; bertzetan artillurak dire ari zoin gehiagoka.

      Lys-etik Oise-ra kanoiak artetan geldituz doazi, gero berriz has.

      Argonnen tiroak tiroeri darraizkotela bizi-bizia; gure kanoiak ixil-arazi du azkenean etsaiarena.

      Alemanen lanak, heiek egin arau, guk barreia, Champañako aldean.

      Meuse ur handiko zubiak, euritearen ondorioz doi-doia xutik zaudenak, pusketan joan dire.

      «Lorraine-Embermenilen» bavarois etsai batzu gure saretan hatzemanik, preso hartu dugu hetarik andana bat.

      Vosges mendietan eta Alsacen lanbroak dauzkala ilhundurik oro, bospasei urhatsetan deus ez dezakete ikus. Nor ar gerlan itsumandoka?

      Gaizo soldadoak! Etzeie goizegi argituko eta xukhatuko negu beltz ustel hau!

 

 

 

AZKEN BERRI

 

     Anglesek alemaneri eman diote aste huntan gaitzeko zafraldia Norte-ko itsasoan.

      Lau aleman itsas-untziri oldartu dire bortz angles, are handi eta azkarragokoak. Aleman untzietarik bat, Blücher deitua, 152 metre luze, 24 eta erdi zabal zituena, itsaso zolarat, sekulako gal, igorri diote anglesek.

      Omen zituen 28 kanoi, bi neurritakoak eta torpilles igortzale tresna batzuetarik lau.

      Zortziehun bat gizon; gehientsuak hil omen baitire.

      Bertze hiru aleman untzietarik ere biga, diotenaz, guti edo aski andeatuak joan omen dire ihesi… mainguka, hinki-hanka.

      Angles untziak behin jarraikirik, azken ostikoaren emaiteko, gelditu dire urrunegi joan gabe, alemanen jukutria zerbeit itsaspean ote zagon, jelosturik.

      Gaitzeko pestak ziren Angleterran, berri on horren biharamunean. Guk ere badugu hor zeren bozkaria.

      Alemanen furfuriak sartzen hasiak ez badire,… hobe. Burutik badutela, marka.

 

 

 

OROTARIK

 

 XUHURTU

     Gobernamenduaren moltsa handiko diru ithurriak ttipitu dira ederki iragan uztailetik hunat, ministroek agertu dituzten konduen arabera; bainan iduri du apur bat goititzera doazila, guziz abendoz geroztik.

      Kontrolak aitzineko urthetako ondar sei hilabethetan baino hanitzez gutiago dako eman gobernamenduari: 250 miliun gutiago. Mortualak bakandu alabainan; notarien arartekoz eginikako salerospen, kontratu, ordenu eta bertze asko ere ba. Lagungoer eratxikiak zaizkoten zergak halaber.— Erran behar ere dugu hemen, gerlan hil soldadoen ontasunek ez dutela ukan mortual pagatzerik, bederen aitzineko edo ondoko hurbilenetarat zoalarik erorkia.

      Gibelerat joan da, berdin, paper tinbratuen saltzea.

      Posta eta telegrafetako irabazia are gehiago.

      Bere oihanetarik ere deus handirik ezin athera ukan du gobernamenduak.

      Aduanaren emaitzak zitzaizkolarik oroz gainetik itsuski aphaltzen. Agorrilean bertze agorriletarik bazen ehun liberarendako hiruetan hogoien jaustea bortzetarik beraz hiruek egin dute huts. Buruila are xuhurrago. Urrian, buruileko ozkatik hamar bat urrats,.. aitzinerat. Hazilean gehixago. Abendoan alxatu da aduanatik uztailaz geroztikako gehiena aitzineko abendoetan biltzen zen ehunarentzat, hogoi ta hamasei libera baizik ez da eskastu. Orotarat, 170 miliunen ziloa. Negozioak alhapiderik ez, alabainan.

      Régie edo edari zergen emaitza ere beheititu da hein berean, ipar aldeko departemenduak alemanen eskupean zirelakotz. Osoan, 194 miliun aitzineko urthetako ondar sei hilabethetan baino gutiago. Bizkitartean, Angleterratik heldu baitzauku azken bizpalau hilabethe hotan sukria eta bertzalde, gatza gobernamenduak berak bere lakogilekin egiten orde, konpainia batzuei baitu utzia, sukre eta gatz horren zergatik bildu izan da diru puskatto bat. 7 miliun hurbil.

      Zer erran lur eta etxeen gaineko zergaz? Asko burutarik xuhurtu da hetarikako ithurria; oroz gainetik ipar aldeko departemenduetan. Bildu othe da hamarretarik zazpi? Ez daukute erraiten ez baitira ondar sei hilabethe hotakoak oro bilduak oraino, dudarik gabe.

      Iragan uztailean tinbrerik gabeko tituluen gainean finkatu zerga emendioak dako bakarrik eman gobernamenduari laguntza izpi bat (zortzi miliunena hurbil), bai eta azinden hiltzetik gelditu ondarren saltzapenak. Jatekotzat eho izan diren behien larru, adar eta azazkaletarik beretarik athera du gobernamenduak mozkin bat askitto goria. Eta eho izan da, dakizuen bezala, behiez bertzerik!

 

 NOLA HEL

     Irabaziak ttipitu, gastuak itsuski handitu eta betbetan: hor dira orai lanak.

      Zerga mota guziek urthe buru batetik bertzera ezin eman hiru miliar eta erdi, lau miliar baizik; eta gastuek iresten orotarat hamazazpi miliar. Nundik bil eskasa?

      Aiphatu dautzuetegu jadanik hemen Bons de la Défense Nationale direlako tituluak. Dirudunek erosi dute hotarik andanatto bat Frantzian, Angleterran eta Amerika gainekoan: hiru miliarrena hurbil. Eman dezagun, bertze hiru miliarrena erosiko dutela oraino aurthen. Eman dezagun bertze erresumetan salduko dela bertze hoinbertze. Zer ziloa etzauku gelditzen halere bethetzeko!

      Hor da, egia erran, laguntzale Banque de France deithu bankoa. Badauka bere sotoetan lau miliarren urre eta zilarra, heien gainean finkatuz heda baitezake, balioa eratxikiz, sei edo zazpi miliarren papera.

      Azken beltzean bilha ahal omen litake oraino bertze bankoetan, bai eta frantses guzien moltsa zokoetan, hiru edo lau miliarien urre eta zilarra. Bilha ba, nahi dut, bainan nola hatzeman eta eskura? Tinki daude bazterrak; urre eta zilar guti da ikusten aspaldiskoan jendearen artean!

      Beharrik badu kreit handia Frantziak; halaber Angleterrak eta Rusiak. Batek ala bertzeek asko puska eros ahalko dute kreitean.

      Kreita bertzalde emendatuz joanen zeie, gerlak iraun arau, etsaia ahuldu arau. Autrixia eta Alemaniaren aberastasunak guretuko ditugulako esperantzak dauka xutik, emeki emeki handituz, kreit hori. Etsaia garaitu behar, horra guzia, edo bederen egiten dugun bezala atxiki.

      Bada ere hau. Aiphatu diru keta izigarriak ez doazi oro, urrun da, bazter erresumetarat, — jateko, harma eta soineko saritan. Gehiena Frantzian berean gehiago behar baitute erosi, beren lurra ez dutelakotz gurea bezain aberatsa, heien urre eta zilarra kanporat doa gurea baino ausarkiago.

      Errazu badutela ebatsirik ederki, ba Beljikan, ba iparreko gure departemenduetan, ba Polonian. Bainan ez, behar bada, dioten bezenbat. Xahutuko dute hura laster. Laster dituzte endurtuko, ez badituzte ja aspaldian eginak, han hartu gauzak.

      Bertzalde, ez direlakotz heien armadak batere aitzinatu nehon azken lau hilabethe hotan, kreita handizki ttipitu zeie.

      Itxuren arabera, gerla hunek ez dezake iraun helduden negu artio bairik, gorenaz.

      Eta lehenik amor emanen duena da Autrixia, kanpotik ez baitezake guti baizik sar, dena ere kario, eta lur eremu handiak etsaiaren eskuperat erortzera utzi dituelakotz, harek baitu kreita gehienik aphaldua.

 

 RUMANIA

     Autrixiak baitu erresuma hegal bat Rumaniari datxikona, hunek eskuratu gogo dako laster hura.

      Bainan joanen dea urrunago? Sarthuko dea Autrixian barna? Ez du idur holakorik baderabilala gogoan.

      Ez duke beraz haren ganik Rusian gerlako laguntza handirik. Denik ere bizkitartean, aiphatu hegala ausikian eremanez, behartuko du eta ahulduko Autrixia Rumaniak.

 

 ITALIA UZKUR

     Italia geldi geldia dago, ez batzu ez bertzeen alde ezpata hartu gabe. Ahal dituen guziak saltzen ditu bizkitartean bai Autrixiari, bai Alemaniari. Aberasten ari da. Iduri du kasik hitzhartua dela bere bi adiskide zaharrekin, hauien behar-ordu guzieri gerla huntan hel egiteko, bederen gauzez bezenbatean.

      Nahi duenak dezala uste ukan nahi duena, etzaut niri iduri, jendea bertzela mintzaturik ere, gure alde altxatuko dela engoitik Italia.

      Bizkitartian Autrixiari hartuko dako hunek ere laster erresuma hegal bat, saldu gauzen alderat: Trentin delako zathia. Jadanik ez dua Autrixiak bere kaltetan utzia itsas-portu baten hartzera, auzoko leihor batean?

      Horrela gitu izaitekotz, lagunduko, noizbait Italiak ere. Autrixia behartuz eta ahulduz. Harmez, ez.

      Jakiteko da bertzalde, Italiako ban ko handienetarik andana bat Alemanen eskuko direla. Eta ez bakarrik bankoak, bainan oraino itsas-untzietako konpainietarik zonbait, bai eta industria asko, bai eta —hau da bitxiena— harmen egiteko lantegi hanitz. Orotan parteliar eta pauzer Italiako buruzagi handiak beraz; Alemanekin, nahi eta ez, josiak.

      Italiako ipar aldean berean bizi dira 80 mila aleman, 4 mila frantses baizik ez delarik. Azkarki bermatzen baitire aleman hoik beren kazetez eta harat-hunatez, jende xehearen gogoa gutarik urrun atxikitzera.

 

 AITA SAINDUA MINTZO

     Egun hotan, Aita Sainduak egin du kardinalekin bilku bat bere egoitzan. Mintzatu da gerlaz.

      Erran du ez duela behinere bere burua erakutsi gudukari baten ala bertzearen alde, eta ez duela erakutsiko. Edozoin alderditakoak izan diten, giristino diren ber, gizori guziak Elizaren haur dira eta ez dukete Aita bat baizik. Aita hunek ez du lurreko gauzetan, erresumen arteko gora beheretan, sartzerik.

      Bizkitartean agertu du nahikundea, Beljikari ahal bezain guti laido egin dakion aitzina, hango jendeak berak nahi badu ordenu onari jarraiki.

      Biziki eztiki mintzatu da horrela Beljikaz Aita Saindua, aiphatu ere gabe bere mintzaldi guzian Alemania. Epeltoak iduritu zaizkote batzuri haren solasak, zuzen eta zuhur baizik ez direlarik.

 

 

 

Gerlarien berri

 

     Urthatsetik hunat iragan egunez igortzen daitzut zenbeit lerro, gogorat jin arau, aroaz, gerlako goiti beheitiez, eta hola...

      Hogoi egun huntan ez da deus handirik gerthatu gerlako zeretan, ipharretik hasirik iguzki parteraino, armada guzien lana denbora gaixtoak gibelatu duelakotz.

      Negu ustela dugu hau, sekulan izan bada; eta nahi bezen azkar izanagatik ez dugu zeren loth oraino indar handiegi bati buruz, aro tzar hunek dirauno,

      Gizon, zaldi, tresna, oro lurrari josiak dauzka lohi zikhin batek.

      Urrun heltzeko, behar da gogoaz bertzerik: hegalak eta hatsa.

      Bizkitartean ez dire oro geldirik egonak. Han hemenka oldar zerbeit egin dugu. Alamanek ere ba.

      Iphar aldean, Belgikako itsas leihorrari hurbil, aintzina goazi beti.

      Ur ttipi bat bada han Alamanez leherra iretsirik dagona, baitezpada iragan beharrez heldu baitziren bethi metaka, zubi ttipi batzu bizkarrean.

      Etsaiek ezin egin dutena, guk egin dugu. Ur hartarik han harat joan gira, zubi bat ederra eginik; herri bat ere gureturik bertze aldean.

      Algeriano soldado hetarik badugu han gaindi andanatto bat, etsaiaz guti kexu direnak.

      Berek diote beren frantsesean «Les Allemands, y a bon, nous f...utitzen. Mais li vent, y a pas bon!». Haizea dute partida gaizoek, iphar haize mehe tzar bat. Pentsa zer zimiko goxoa dion egiten afrikano beltzen sudur punttari!

      Beheraxago, Belgikanoek eta Anglesek indar handi bat egin berria dute. Lur puska bat irabazi dute, etsaien toki azkarrenak kanoiekin zafraturik.

      Beherago berriz frantsesak. Erreka hanitzetan metre bat ur. Kanoiak bethi alha. Alamanak herrieri buruz; gureak, etsaien errekeri.

      Soissons hiriaren inguruetan, urthatsetik berehala, hasi ginen goiti Laon hirirat buruz, azkarki. Mendixka bizkar bat ere khendu ginuen etsaiaren aztaparretarik, urrunerat bazterren nausi gelditzeko.

      Arras ontsa ginoazin. Alamanek azkenean gizon alde gaitza bildu zuten toki hartarat. Ihardeki ginuen.

      Biharamunean, eskuineko partean egin zuten bertze indar handi bat. Beren enperadorea ere han omen zuten.

      Hanbertzenarekin urak goiti ari ziren. Gure gibelean, kilometre baten bidean ur handi bat. Lau zubi urak berekin daramatza. Berehala bertze bi zubi berri egiten dituzte, ikustekoak baitire zoin laster ari diren soldadoak holako lanetan.

 

* * *

 

     Urak berriz errotik egiten ditu. Laguntzerat gibeletik jinik, erreximendu osoak ur hegian daude, ezin iraganez guduan ari direnek ere gibelerat egiteko bidea orenetik orenera hirrisku handiagoan dute.

      Manatzen dute aintzindariek urez alde huntarat jin diten, azken zubiak galdu baino lehen. Soldado marokano batzuek ez dute nahi lekhua hustu: izigarriko hatsean lothuak alamanekin. Bortz orenetan manua ukhana, sei orenetan oraino han berean daude, ez dutela gibelerat egin nahi. Bigarren manu bat jinik, gehienak urez alde huntarat iragan ziren azkenean.

      Urez hunaindian bertze aldean baino parada hobea dute etsaiaren kontra. Bertze aldean ordoki hutsa, alde huntan aldiz ur hegia berehala patartzen da, xut xuta.

 

      Hartan akhabatu zen gudua: Beren ustez Alamanak Soissons hirian sarthu beharrak ziren. Gizon hanitz galdurik gibelerat egin zuten biharamunean.

      Geroztik erdi bakean daude bazterrak.

      Handik berehala, eskuineko alderat gure armada Eskualdun gehienak han dire. Entsegu guti dute han Alamanek, baitakite debaldetan lothuko direla han bethi.

      Urrunago, Frantsesek azkarki kitzikatzen dituzte etsaiak. Badituzte beretuak bizpahiru herri, mendixka bat ere, urrunerat burdin bide bati buruz kanoiekin lotzeko hein onean.

      Haratago, Argonne-ko oihanetan, Alaman hanitz garbiturik gaude, indar handi batzu egin dituztelakotz beren zilhoetarik kanpo.

      Berehago, mendietan, elhurra. Lan guti. Egun argiak agertuko direnean jautsiko gira Alsaceko ordokietan barna. Gainetan nausi gelditu gira.

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

Berrixkak

     

 Airetakoak

     Bakea ginuen aspaldion xori gizonen partetik. Astelehenean goiz, argi bat agertzen ikustearekin, gure lehen solasean aiphatu ginintuen, segur laster baliatuko zirela itzuli baten egiteko.

      Zortzi orenetako bi aireplan jin ziren etsaien gainez gain. Beren presentak igorri zituzten gure herriaren gainerat; bat «bonba» emaitekoa, bertzea bazterra xehatzekoa.

      Etxe huts bat lehertu zuten. Auzoan gelditu emazte batek oihu egin zuen leihotik: «Hauxe da mendea! Holakorik ez litake behar haizu!». —Egia!.

      Bi aireplan frantses agerturik, etsaiek egin zuten leku. Bertze bia, gutarik eskuin, soldado frantsesen tokien ikertzen ari zirelarik itzulika, gure kanoiek jo eta aurdiki zituzten lurrerat; Lau gizonak bizi ziren oraino.

      Lau biligarro gehiago kaiolan.

 

 Hil ehorzte bat

     Egun hautan gerthatua, toki hautan: Alamanen eta Frantsesen artean baziren bospasei soldado, frantsesak, hantxet erori berriak, hil gogor zatzanak.

      Alamanek igorri zuten Frantseseri letra bat harri bati estekaturik, airez aire, errekatik errekara, jin zitezen beren lagunen ehorztera.

      Frantsesak etziren fida gisa hortako zakurkeria frango eginik baitaude gure etsaiak, gerla hasiz geroz. —«Ez gira agertuko, diote Frantsesek. Ager lehenik zuek, eta jali guziak kanporat!».

      Alamanak atheratzen dira. Halarik ere gure aintzindari batek erraiten diote, oraino gorderik. «Tiro eginen duzue! Bethi gezurrez ari zirezte!» —«Ez, ez, ez dugu tiro eginen. Zatozte deskantsuan!»

      Bi gizon badoazi, pala eta aintzurra bizkarrean. Alamanek ere bertze bia manatzen dituzte eta lauek elgarrekin ehorzten dituzte gure hilak, bertze soldado guziak xutik daudelarik, buru has eta ixilik.

      Lana egin ondoan itzuli ziren zoin bere tokietarat. Egun hartan ez zen tirorik entzun erreka hetarik. Hilek eman zuten bizieri zenbeit orenen bakea.

      Ez liteke behar horrengatik sinhetsi, noiz nahi nun nahi gerthatzen direla gisa hortako solas aldiak. Ez behar ere. Etsaiak adixkidetzen balire guduaren tokian, hanitzek ez lukete behar orduan bihotzik gehiago gerlako lan izigarriari buruz. Galduak litezke berak eta heiekin bertze frango.

      Holakoak gerthatu dire bereziki Bavarois direlako eta bertze probintzia batzuetako soldadoekin. Prusianoekin elhe guti.

      Bertzenaz ez da Alamana bezalakorik jendearen enganatzeko. Nahi lukete sinhetsarazi ez dutela herrarik batere frantsesen kontra; maite gituztela; Anglesekin dituztela beren egitekoak.

 

 Lur lan

     Lurpeko gerla dugu hau gero-ta gehiago.

      Gure etsaiak ederki eskolatuak ziren lur lan hoieri buruz, soldado zauden denboran.

      Gure aintzindariek aldiz ez zaukuten egin-arazten holako lan handirik. Ahurtara bat edo bertze lur higitzen ginuen, buruaren gerizatzeko doia.

      Beharrak eskolaturik, bertze lanik egin dugu. Oro behar dire gorde, gizon ala tresna. Barnago eta hobe.

      Alamanak ere bethi lur higitzen ari dira. Zerbeiti lotzen gireneko, lan berriari ohartzen dire, eta bertze hainbertze edo gehiago egiten dute beren aldetik.

      Lehenagoko gerlak ez dira gisa hortan iragan. Bazakiten behar orduan gordetzen; bainan oraiko tresnekin ez diteke bertzerik egin.

 

 Jatekoa

     Alemanek badakite arras ontsa jatekoaz ez dugula den gutieneko arrengurarik: «Français, bien manger», diote askotan beren zilhoetarik. Gure ogi xuritik eta haragitik puska bat edo bertze heltzen balinbazaiote, laster garbitzen dute, beren ogi beltzaren orde.

      Zigaroetan truk galdatzen dute jatekoa noiztenka. Zigarroz badute nahi bezenbat, bainan holakoak on dire bakharrik bazkari onaren gainerat. Tripa hutsarekin eskerrik ez du zigarro hoberenak.

 

 Judu baten hiltzea

     Soldado bat hiltzera kondenatu dute berrikitan gure armadakoa. Judua zen. Bere tokia bietan utzirik, lo egiterat juan da gibeleko herri batetaraino, deskantsuan, hirriskutik urrun.

      Goiz hautarik batez tiroz garbitu dute hemezortzi soldadok. Etzuen gizonaren plantarik ere. Piltzar bat bezala herrestan ereman dute, zango besoetarik, oihuka garrazian ari zelarik Frantsesen kontra.

      Bere erlisioneko jaun bat bazuen aldilan. Elhe guti zuten elgarrekin. Zigarretaño bat eskaini dio. Bihotz altxagarri ttipia, bertzerik ez izankiz.

 

 Estranjeren erreximendua

     Erreximendu bat badugu hemen gaindi Frantziaz kanpoko gizonez moldatua. Soldado onak dire gehienak, bainan ez bide dute funtsez Frantsesa balio.

      Rumaniako soldado kolpatu batekin egin dugu solas egun hautan: «Errazu, eta zure erresuma lothu beharra dela Otrixianoen kontra? Zer zautzu zuri? Hasiko dea gero bateren? —Ez dut dudarik. Eta ene iduriko laster hasiko da. —Zerk du bada gibelatzen? —Bulgariak. Bulgaro heier ez gira soberarik fida. Badakizu lur puska bat ereman giniotela duela zenbeit hilabethe, Turkiaren eta Serbiaren kontra ari zirelarik, jada xahutuak... Ez daukute barkhatua. Ahulduak dire biziki, bainan oraino ausiki on baten egiteko, balukete hortzik aski. Heiekin bakean gure arteko aferak antolatzen balinbaditugu, laster sarthuko gira. —Zonbat soldado ditutzue gerlari lotzeko? —Bortz ehun mila!

 

 Tresna tzar berri

     Alamanak eta Frantsesak elgarri sobera hurbil dire, kanoien baliatzeko lehen lerroen gainerat. Etsaiaren orde, adixkidea jo lezakete.

      Alamanek badituzte tresna berri batzu hurbiletik aurdikitzeko beren «obusak» gure soldadoen gainerat.

      Bizkitartean arras guti dukete tresna hoitarik, orai artio. Bertzalde nekez erabiltzen dituzte, eta kolpea ezin igor dezakete nahi duten tokirat.

      Noiztenka bederen erori zaiote sudurraren gainerat.

 

 Marokano baten lana

     Marokano beltz bat, iragan astean, bazeramaten karrosan; gorphutz guzia zaurtua zuen. Badut uste Algerianoak baino gerlari hobeak diren. Odol biziagoa dute.

      Gure kolpatuari galdatu zioten zonbat Alaman garbitu zituen. Esku ezkerreko erhien gainean hasi zen kondatzen: bat, bia, hiru, lau, bortz, sei...

      Hartan gelditu zen, bere lanaren orhoitzapenak irri bat emaiten ziolarik bere ezpain zabaletan.

 

 Geriza burdinak

     Burdineria zernahi heldu zauku zonbeit egun huntan, gerlarien gerizatzeko. Orai artio igorri dauzkigutenetan baziren zonbeit ez hanbatekoak; balak aldez bertze zilhatzen zituen. Oraikoak azkarrago dira, lodiago, altzeiru onez eginak.

 

 Apeza besoan

     Bertze batzu erroten gainean ezarriak dire. Gisa hortan esku batez aintzinaraz ditezke, bertze eskuaz tiro egiten delarik, edo alanbreak pikatzen haixturrekin.

      Othoitz egile onak badirela Frantzian, eta bereziki Eskual Herrian, egun oroz entzuten dugu. Erlisionea phiztu dela bazterretan igortzen daukute. Soldadoen artean ere badire berriz itzuli direnak, hirriskuak argiturik beren fedearen urhatseri. Egiaren erraiteko bazuten hanitzek zerbeiten beharra: ezen urrundik heldu dire, biziki urrundik.

      Soldado kolpatu bat sarthu zen arats batez ospitalean, guduaren aldeko herrixka batean. Berehala arthatzera lotzen zaio soldado lagun bat. Buluztearekin ikusten dio besoan orratz gorritu batekin eginikako potret bat, larruan barna, tinta beltzez, sekulako han baitu, apez buru bat, xapel handi batekin beherean herrazko elhe zikin batzu. Infirmierak erraiten dio ezti eztia. «Zer zautzun hunek egina, holako lanaren egiteko?» Burua aphaldu zuen eriak, ixil ixila.

      Gutien ustean apez baten eskuetarat eroria zen, bere biziko behar ordu handienean.

      Jainkoak badaki zer ari den gerla huntan.

J.S.P.

[Jean Saint-Pierre]

 

 

 

 Bertze batek igortzen dauku:

 

Urtharrilaren 23an

     Adixkidea,

      Euri, haize, elhur, orotarik baginuen azken egun hautan. Egun iguzki xuri pollitnbat. Uste dut hori den oraino guretzat bihotz-altxagarri hoberena. Biba Frantzia!

      Lerro hauk zure eskuetarat orduko, sei ilabethe gerla. Nork usteko zuen hori? Bainan gaixtoena egina dugu: bentzutuz doa etsaia eta sekulan baino azkarrago gu.

      Ez dauku aintzineko egunetan bezenbat tiro igortzen orai. Zertako, pentsatzea errex da.

      Eta orai gure herritarrek hain zuhurki egiten dute gerla, non etsaien tiroak debaldetan igorriak baitire. Ez dugu kolpatu arras guti baizik.

      Hemen diotenaz, primaderari buruz, gauza handiak ikusiko ditugu; alemanak gure herritik urrunduak; rusianoak Alemanian sartuak; Autrixia funditua, bakea nahiz ibilki; Italia gure alde lotua.

      Horiek hola gertatzen badire, hobe; hola maiatzeko etxean gintazke menturaz. Bainan, egia: bake iraunkor batentzat, batere ez litzaukuke sobera, hemen bertze sei ilabetheren iragaitea.

      Zer gertatuko bada ere ondoko egunetan, ez dago Frantzian nehor lo. Kanoia kanoiaren gainera beldu zauku barne hortarik: «mitrailleuses» hoitarik ere leherra. Etsaia bere erreketarik athera baladi, ez lukete Frantsesek oren handiren beharrik beren lurren huts-arazteko.

      Hori badakite Alemanek, eta hortako dagozi sagarroiak bezala lurpean. Goseak norapeit higi-araziko ditu, gureak hanitz kexatu gabe.

      Zenbeitek baitiote zertako ez gitzaioten bortizki jazartzen, horra zertako. Zertako hilaraz gizonak? Denborak, gosetea ekharriz, lan bera eginen du.

      Anhartean erreximenduak aldizkatzen dire erreketan, eta uste dut egun ederrenak han daramatzaten; han aintzindariek bakea uzten diote, haraz geroz bakotxa bere gain: jatekoa pausuko direlarik baino hobea; lo egiteko nahiko astia; hotzik ez, atherbe ederrak.

      Artetan kaskoinak «manillean» eta Eskualdunak tir-ahala «musean». Zer hordago-ak?

      Gauari buruz, bakotxak bere ohea ahal bezala antolatzen du. Zenbeit hamarreko kartsu orduan, Ama Birjinak lagun gitzan. Eta gure soldado gaizoek zenbeit kuluxka egiten dituzte, amets gozo batzu eginez nork haurrekin, nork bertze norbeitekin.

      Pausuko direlarik aldiz, soldadoek ez dute ixtantik berentzat; ehun mila guardia han eta hemen, «Marches d'entrainement, corvées». Bethi zerbeit debrukeria.

      Xuriketak eta ponduak ahal bezala egin behar. Eta gehiago dena, erreketan baino hirrisku gehiago pausuan.

      Zenbeit lerro igorri gogo nituen oraino, bainan «Aux patates» oihuka ari dire beherean. Bertzaldi arte beraz eta egon ongi.

ZERBITZARI

 

(Kirikiño)

 

1915-01-27

 

Gudea

 

      Gudan dabiltzan Laterri andiok zati baterako zeregiña artu dabe. Ezin igarri lei nok nor azpiratuko dauan, beingobeingoan beintzat. Ondiño indartsu dagozala dirudi ta ekiteko gogotan.

      Emendiko aldean Parantzen alkarri ederto eutsiten dautsie gudaroste (ejertzito) biak, lubagietan sartuta, eta urriñetik kañoiekaz urtika. Beste aldean Errusi-aldean be orixe dirudi, baiña beti gogoratzen jataz Gezurroff eta Patatenberg; ezin lei asko siñestu.

      Itxasoan larri ibilli dira lengoan doixtarrak (alemanak). Isil-isillik joiazala Ingalandaruntz doixtar gudontzi batzuk, ango erriai itsu-itsuan jaurtiteko, ume, andra, ta agura, ta edozein ilten, ekandua artuta dauken lez, ebagi eutsen bidea ingelandar gudontziak; au ikusita, doixtar ikaragarriok bira egin eta ankajoko garratza asi eben euren etxeruntz bildurtuta, ingelandarrak atzean arin joakioezala. Ariñeketa larri orretan ontzi andi bat galdu eben doixtarrak.

      Aizetatik be ibilli badabilz doixtarrak euren txakurkeriak egiten, gabaz errien ganera joan ta bonba-urtika, baiña besteak be ia zain jarri dira ta ikusiko da alakoren baten zelako ordaiña emoten dautsien ingelandarrak Doitxerriko gautxori orreeri. Okerreriak atzea beti dauko gero.

 

 

1915-02-28

 

Doixtarren aldez duan ala?...

 

      Doixtarrak (alemanak) iragarri eben ille onen 18an asita, Ingalandara joan-etorrian dabiltzan itxasontziak jo ta ondoratuko ebezala. Euren itxaspeko-gudontziak zabalduko zirala Ingalanda-inguru guztian lan ori egiteko.

      Ingalandak itxasoa arrapau ta eragotzi egiten dabela Doitxerrira jateko gauzea ta abar eroatea, ta onan goseaz azpiratu gura dabezala, diñoe doixtarrok. Eta gosezko guda orri erantzuteko, euren itxaspeko-gudontziak ataraten dabezala, Ingalandara dabiltzan ontziak bildurtu ta uixatzeko, ta olan arerio orri be gosea emoteko. Goseari goseaz erantzun.

      Amar egun oneetan izan dira ontzien ondapen batzuk or Ingalanda aldeko itxasoetan, baiña oso gitxi an ibilten dan beste ontzirentzat. Oneen jabeak eta oneen erabiltzailleak ez dira bape bildurtu, ta ezer ez balitz lez deragoioe euren itxaskuntzan. Doixtarren zemakun edo amenazuari ez dautsoe ba jaramonik egin eta ez da ain erraz Ingalandari gosea emotea.

      Orain doixtarrak dabilz; bakean dagozan Errietako itxastarrak bildurtuteko alegiñetan, guzur asko zabaldurik onenbeste ta orrenbeste ontzi galdu dirala, ta itxaspe-ontziak urriñetaraiño sakabanatu dirala, ta erlea baiño ugariago dirala, ta zorakeri bat dala Ingalandara joan gura izatea, ia eskier edo seguru dala galtzea ta.

      Ementxe be zabaldu zan araiñegun guzurra, biribilla gero, itxaspe-ontzi bat ikusi zala Algortatik urtxo. Arrabeteko izki edo letrakaz argitaldu eben guzur ori emengo izparringi batzuk. Eta eurok dabilz egunean-egunean izparrak ipinten dendetan, «ontzi au ez dakie nun dan», «ontzi ori galdu dalazkoa diñoe», ta onan.

      Emengo itxastarra ikaratu gura dabe igarri-igarrian izparingi orreek, ia emendik Ingalandarako ontziei galazo al dautsien arantza joatea. Doitxerriaren aldez dabilz beraz.

      Eta duan ete dabilz? Ai, guri agiñak antziña bardindu jakuzan.