Hasierako orrialdea
PDFak neurrira

 

 

        Internet sarean eskaini nahi izan dugun baliabidea da Euskal Prentsaren Lanak.

        Euskal Herriko egunerokoetan (erdal egunkarietako osagarri gisa) eta aldizkako agerkarietan (astekari, hilabetekari eta abarretan) XIX. mendetik aurrera, prentsa bokazioaz azaldu ziren euskarazko edukiak jarri nahi ditugu erabiltzaile guztien eskumenean, corpus hori ezagutu eta nahi bezala lantzeko aukera egon dadin. Gune honetarako sarrera librea eta edukien erabilera dohainekoak dira, esan beharrik ez dago.

        Ekimen hau Euskal Lokuzioak Sarean elkartearen eta Susa argitaletxearen arteko lankidetzatik sortu da. Literatur Aldizkarien Gordailuaren jarraipen naturaltzat jo liteke, eta Armiarma web atarian integratuta dago.

 

 

EUSKAL PRENTSAREN LANAK

 

        Askotxotan, nahi baino gehiagotan edonola ere, euskararen eta, oro har, euskaldunon moztasun eta urrikeriei buruzko iruzkinak entzun behar izaten ditugu. Deitore bihotz-urragarriak, auhen bizi lazgarriak, izaten dira batzuetan, gutxiago garelako ustearen adiera txepelak askotan, aldamenekoen harropuzkeriaren erakustaldi mingarriak ez gutxitan.

        Hizkuntza protagonista duten arloetan azaltzen zaizkigu bereziki jokaera hauek, «ai, gureak balira!» egin izan dugu hasperen, esate baterako, gureaz kanpoko beste mintzo batean onduriko literatura-printza ederren aurrean, gurean edertasun horretarako gaitasunik batere ez balego bezala; eta, noizbehinka azaltzen diren kritika ia beti aldekoak gora-behera, geure patua madarikatu ohi dugu, gordean nahiz agerian, beste batzuen pare egoteko egin beharreko bidea zeinen luzea eta zeinen patartsua den behin eta berriro ekarriz gogora.

        Guk ez diegu ongi nahian eginiko ohar, kexa edo lantu horiei duketen mamia eta arrazoia kendu nahi.

        Garaia da, ordea, daukagun gutxi horren gutxiesteko eta are gutxiago egiteko joerari azkena ematen hasteko; garaia da, ez daukagunaz horren luze eta oparo hitz egin eta idatzi beharrean, daukaguna aintzat hartzen eta egiaz ezagutzen hasteko.

        Prentsa izan da molde horretako iruzkinen jomuga berezia, euskal prentsa jakina, euskal edo euskarazko «prentsa eza» nahiago baduzue.

        Ezaren eta zerbaiten aldeko ahaleginaren arteko erronka giroan bizi izan ditu euskarazko prentsak bere urteak, XIX. mendetik aurrera. Eskasia eta oztopo handiz beteriko asmo eta proiektuen artean egin du bere bidea, ezinari aurre egin beharrean betiere, hizkuntzaz gaineko beste helburu batzuk zituen ideologia irmo batean, eliza katolikoaren mendean luzaroan, euskaltzale nekaezin batzuen borondatearen eskutik ia beti.

        Euskal prentsaren lanak...

        Zernahi gisaz, garbi dago euskaldunoi egokitu zaigun prentsa-giro horretan, batzuek ezaren madarikazioaren inguruko erretolikaren zurrunbiloan pulunpaka segitzen zuten artean, beste batzuek lanean segitu zutela ekin eta ekin. Lan horren fruitua izan zen, adibidez, Euskaldunon Egunkaria 1990ean. Horrelako emaitza biribilik eduki ez bazuten ere, langintza horretan berean jardun zuen beste askok aurreko urteetan. Ez daukagu baztertzeko eskubiderik, ez ditugu ahaztu nahi.

Horrexegatik Euskal Prentsaren Lanak.

 

 

Eskualdun Ona, Argia, Euzkadi eta El Día

 

        Eguneroko gertaeren gurpil hurbilean gorpuztutako generoa da prentsa, ez du literatura lehen eta berehalako helburutzat hartzen, baina hitza da haren oinarria eta testu edukiez janzten eta hornitzen ditu giza eta gizartearen jardunak.

        Prentsa modernoa zabaltzen hasi zenetik, hau da, burgesiaren eta haren araberako estatuen eraginez ordura arteko gutuneria —korrespondentzia, esango zuten aldamenekoek— aldizkako kazeta edo agerkari bilakatzen hasi zenetik, berealdiko garrantzia eduki zuen testu idatziak gizarte ideia eta modu berriak hedatzeko orduan, eta etxera, Euskal Herrira, bihurtu nahi izan ditugu guk begiak, gurean gauzak nola gertatu ziren ezagutzeko parada izateaz gainera, gure hizkuntzak prentsa eremu hartan bete zuen lekuaren garrantziaz egiaz jabetzeko.

        Izan ere, bazter utzi ohi da eskuarki prentsa idatzia literaturen axaleko historietan, izen handi batzuk baizik hartzen ez dituen horietan, eta are handiagoa gertatu da hutsune hori gurean, alde bat geratu baitira besterik gabe —eta zergatik garbi ez dakigula; horra hor, esate baterako, Argia astekaria— ongi kontuan eduki beharko liratekeen agerkari gure ustez guztiz garrantzitsuak. Horrexegatik hartu dugu testu horiek interneteratzeko, inongo eta inolako guztien eskueran jartzeko erabakia, ez guk haietaz daukagun iritzia ezagutu dadin, baizik eta zuzenean ezagutzeko aukera eduki dezagun.

Lau agerkari hartu ditugu aintzat orain arte sareraturiko lanetan: Eskualdun Ona (Baiona, 1904-1907) eta Argia (Donostia, 1921-1936) astekariak, eta Euzkadi (Bilbo, 1913-1937) eta El Día (Donostia, 1930-1936) erdarazko egunkarietako euskal orriak. Hona hemen zehazkiago haien ezaugarriak:

 

 

Euzkadi eta El Día

 

        Euzkadi (Bilbo, 1913-1937) eta El Día (Donostia, 1930-1936) erdarazko egunkarien euskal orriak aukeratu genituen Euskal Prentsaren Lanak sail honi hasiera emateko.

        Garaia ere mugatu eta zehaztu genuen: Hego Euskal Herriak Espainiako estatuaren barruan XX. mendean bizi izan zituen errepublika-urteak: 1931-1937 Euzkadi egunkariaren kasuan eta 1931-1936, El Día-renean.

        Euzko Alderdi Jeltzalearenak ziren bi egunerokoak eta, han eta hemen euskaraz azaltzen ziren albiste edo artikulu apurrez gainera, orri bat (askotan ez beterik) eskaintzen zuten egunero euskaraz, eguneko albiste nagusiei buruzko iruzkinak, iritzi artikuluak, itzulpenak, narrazioak, herrietako kronikak eta hitz neurtuan eginiko lanak plazaratuz. Berealdiko garrantzia izan zuten orri hauek, harrera ona izan zutelako irakurleen artean eta etorkizuneko idazleak trebatzea zelako, besteak beste, haien helburua.

        Estepan Urkiaga «Lauaxeta» izan zen Euzkadi egunkariaren euskal orriaren gidari nagusia aldi hartan eta Ander Arzelus «Luzear», El Día egunkariarena.

        Haiekin batera, euskal idazle askok hartu zuen parte orri hauen erredakzioan: artikulugileak ziren batzuk, herriko berrien emaileak beste asko, bertsoak edo olerkiak bidaltzen zituzten beste batzuek, denetik egiten zuen ez gutxik, hala nola Julene Azpeitiak (Arritokieta), Imanol Enbeitak (Uribitarte'tar Ibon), Bernarta Garrok (Otxolua), Errose Bustintzak (Mañariko)...

        Euskal irakurle «modernoaren» ikuspegitik, ilun ageri dira maiz askitan 1936ko gerra aurreko euskal testu hauek, garai hartako garbizalekeriak eta modu sabindarrek behar zuketen argitasuna ebatsi zielakoan. Garai hartan, hizkuntza eredu baten bila ibili ziren, egia da, batzuk eta besteak, eta ez zuten beharbada beti asmatu, baina ukaezinak dira bestalde orri hauetako euskarari darizkion zintzotasuna eta, bati baino gehiagori bitxi gertatuko zaion arren, jatortasuna, ez baitzen makala izan herrietako kronikarien ekarria (bizkaieraz, Euzkadi egunkarian batez ere, eta gipuzkeraz, El Día egunerokoan bereziki).

        Faxistek ekarriko zuten gerrak azkena eman zien, era berean, kazetari hauen guztien asmoei: fusilatu egin zituzten batzuk, frontean hil ziren beste batzuk, preso atxiki zituzten beste asko, eta erbestera behartu zituzten gainerakoak.

 

 

Eskualdun Ona

 

        Aipu handiz ageri ohi den aldizkaria dugu Eskualduna (Baiona, 1887-1944) astekaria, euskarak XIX. mende bukaeratik aurrera irabazi zituen eremuak, prentsa eremuak oraingo honetan, gogorarazten dizkiguten lanetan, baina inork gutxik ezagutzen ditu egun astekari haren edukiak.

        Ezaguna den bezala, eskuinaren esparruaren defentsan sortu zen Eskualduna 1887an, Ipar Euskal Herrian, apez jendea kudeatzaile, eta euskara hautatu zuten horretarako hizkuntza nagusi, frantsesaren presentzia guztiz arbuiatu ez bazen ere. Tradizioarekin loturiko balioen sustrai gisa erabili zen orduan euskara, eta balio politiko jakin batzuen ordaineko hizkuntza ere bilakatu nahi izan zuten, bestelako gizarte molde batzuk hedarazi nahi zituen errepublika laikoaren aurkako borrokan.

        Hala eta guztiz ere, pittinka-pittinka hasi ziren gauzak aldatzen, 1892. urtean kristauen agintari nagusi Leon XIII.ak Frantziako katolikoei errepublikaren aurrean amore emateko eta haren barruan elizaren xedeen alde borrokatzeko aholku-agindua luzatu ondotik. Tirabira handitan segitu zuen Eskualdunak lanean hurrengo urteetan, eliza katolikoaren eta errepublikanoen aurkako eskuindarren arteko batasun hura nahi zuten bezain irmoa ez zelarik, eta 1904an erabaki zuen Louis Etxeberrik, astekaria sortzeko dirua ezarri zuen diputatu xuri eskuindar bonapartetiarrak, eliza katolikoak urratu nahi zuen bide errepublikazale horretatik jarraitzerik ez zegoela-eta, apezei Eskualduna izena ordutik aurrera balia zezaten ukatzea.

        Orduan sortu zen Eskualdun Ona kazeta, aurrekoaren eite berbera zuen astekaria, Eskualduna agerkarian ordura arte babestu eta bultzatu ziren eduki ideologiko berberak sustatu eta hedaraziko zituen tresna bizkorra. Izugarriak izan ziren apez haiek, Jean Hiriart-Urruti buru, lortu zituzten emaitzak: 1.700 erosle zituen Eskualdunak 1904an, 5.000 Eskualdun Onak 1905an eta 7.000 1907aren hondarrean. 1907ko urrian hil zen Louis Etxeberri eta urte hartako abenduaren 27an azaldu zen Eskualdun Ona astekariaren azken alea, Eskualduna izenaz agertzeko baimena eman baitzien Hiriart-Urruti eta gainerakoei haren alargunak.

        Beraz, Euskal Prentsaren Lanak sail honetan oraingoz azaldu dena Eskualduna izeneko astekari eta prentsa proiektu handi hartako pasarte berezi bat baizik ez da; hori bai, guztiz pasarte esanguratsua. Gure asmoa da Eskualduna noizbait osorik eskaini ahal izatea, baina denbora eta, batez ere, baliabide ekonomikoak behar dira horren proiektu garrantzitsuari ekiteko.

 

 

Argia

 

        Oraintsu arte ilunpean eduki den astekaria dugu Argia (Donostia, 1921-1936). Egun ere badugu Argia izeneko aldizkaria, baina ez dira nahasi behar, egungoa aurreko harena ez baina kaputxinoek Iruñean, 1919tik aurrera, argitaratu zuten Zeruko Argia hilerokoaren ondokoa baita. Beste argibide bat Argia haren gainean: eliz jendeak bultzaturiko astekaria izan zela esan zaigu han eta hemen, eta horrenbestez egiatik horren urrun gaudenik ezin esan badezakegu ere, garbi esan dezagun hasieratik parte hartu zutela proiektu hartan katolikoak izan arren elizaren hierarkian inolako eskurik ez zuten pertsonek.

        Bitor Garitaonandia, Gregorio Mujika «Jeme», Rikardo Leizaola, Anbrosio Zatarain, Jesus Karrera eta Ander Arzeluz «Luzear» ziren 1921eko apirilean astekaria abiarazi zuen taldeko partaideak. Garitaonandia apaiz zaldibartarraren aholkuei jarraiki, gipuzkera osotua edo 'batua' bultzatu zuten oro har erredakzioan, eta Gipuzkoako Beterriko formak nagusitu ziren honenbestez jardunean. Gogoan har bedi Gipuzkoako astekari izateko asmotan sortu zela Argia.

        Aldizkari ideologiaz katolikoa, eskuindarra eta euskaltzalea zen Argia. Abertzaletasuna partaide gehienen begiko mugimendua bazen ere, ez zen Errepublika urteetara arte eremu politikoan gehiegi barneratu, eta plazaratzeko modua izan zuen Primo de Riveraren diktadura urteetan. Gipuzkoako herri eta hiri guztietan zabaltzen zen arren, «nekazarien» edo «baserritarren» aldizkari gisa nabarmendu zen bereziki, joera hura guztien gustukoena ez bazen ere. Molde guztietako albisteak ematen saiatu zen, bertako mugetatik harantz jo gabe, eta sarrera guztiz egokia eta espantugabea egin zuen euskarak ohiturarik ez zuen arlo batzuetan, futbol kroniketan esate baterako. Bestalde, orri erdia gorde zen betiere (lau orrialdeko astekaria izan zen luzaroan, baina zortzi eta hamabi ere eduki zituen bolada batzuetan) erlijio gaietarako.

        Argia astekariaren bultzatzaile batzuek, Lizardik, Ander Arzeluzek eta Rikardo Leizaolak besteak beste, gogoan eduki zuten uneoro Argia egunen batez egunkari bilakatzeko aukera, eta biziki saiatu ziren astekaria bitarteko bizkor eta erginkorrenez hornitzen, ahal neurrian betiere.

        Biziki interesgarria izan zen Argia astekariak egin zuen bidea, baina ahantzi eta oroitzapenetatik at gelditu zen 1936koaz geroztik. Zergatik? Euskal Prentsaren Lanak sailari esker, aukera du hemendik aurrera nahi duen orok Argia hura zertan zen ezagutzeko eta, horrenbestez, galdera horiei modu batean edo bestean erantzuten hasteko.

 

 

ESKERTZAK

 

        Euskal Prentsaren Lanak proiektua burutzeko hainbat pertsona eta erakundek lagundu digute, bereziki beraien funtsak modu irekian eta erabat dohainik utzi dizkiguten honako hauek:

  • Lazkaoko Beneditarren liburutegia
  • Arantzazuko Santutegiko Liburutegia
  • Loiolako Santutegiko Liburutegia
  • Sabino Arana Kultur Elkargoa. Abertzaletasunaren Agiritegia
  • Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegia
  • Donostiako Udal Liburutegia
  • Euskaltzaindia. Azkue Liburutegia
  • Baionako Apezpikutegia. Pierre Andiazabal eta Bernard Goiti.

        Proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikako Sailordetzaren dirulaguntza jaso zuen 2005ean, eta Gipuzkoako Diputazioaren enkarguz eta diruz egindakoa izan da Argia digitalizatu eta berrargitaratzeko proiektua.

 

Gure posta helbidea

 

Aldizkariak, egunkariak
Kazetariak Bilatzailea
literaturaren sarean